XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELEAK

800 miloiko soladata

XANTI BEGIRISTAIN

1997. urtea hasi berria baino ez zenean, Miguel Indurain erretiratu egin zen.

Kontu horren inguruan entzuten diren diru kopuruak niretzat nahiko eskandalagarriak dira.

Nik entzun dudan azken kantitatea zera zen, ONCE erakundeak eskaintzen zizkiola 400 miloi pezeta urteko, eta Indurainek berriz 800 nahi zituela.

Induraini aitortu behar zaio izan duela trebetasuna kazetari gehienak edukitzeko azkenik zer egingo zuen jakiteko irrikitan.

Ez naiz batere txirrindularitza zalea, baina nire iritzi apalean, Indurain jo beharko dugu txirrindulari on, serio eta apartatzat, orain arte, inongo zalantzarik izan gabe.

Dena den, gehien harritzen nauena zera da, alegia, ikustea gizartea berdin gelditzen dela, hau da, soldata horien artean inor ez da eskandalizatzen eta ez du inork protestarik egiten.

Badakit mundu biribil honetan badaudela beste gizon-emakume asko, makina bat diru kobratzen dutenak, Indurainek kobratzen duena baino askoz gehiago, alegia.

Konturatzen baldin bazarete, ni hemen behin eta berriz idazten ari naiz pertsona horiek kobratzen dituztela hainbateko kopuruak, izan ere, niri sinesgaitza gertatzen bazait esatea eta pentsatzea pertsona batek irabaz dezakeela hainbeste diru lanarekin urte batean legezko modu batez, eta beste hainbat pertsonak, ordea, askoz diru kopuru txikiagoa, eta beharbada lan zailagoak eginez eta lanaldi luzeagoak gauzatuz.

Bai, izan ere, azken batean artikulu honetan argi eta garbi adierazi nahi dudana, zera da, horrela diru kopuru handiak kobratzea lan egiteagatik ez zaidala zilegi iruditzen.

Pentsatzen dut legez kanpoko izan beharko lukeela, eta gobernuek, legebiltzarrek, estatuek eta abar debekatu beharko luketela.

Egia esan, uste dut ez dela bidezkoa pertsona batek kobratzea urte batean, beste batek bere bizitza osoan kobratuko duena baino askoz ere gehiago.

Zergatik?

Dohain berezi eta jakin batzuekin jaio direlako?

Baina benetan, pertsona garrantzitsu
horiek meritu egiten dituzte ba bestek baino mila aldiz gehiago kobratzeko?

Lapurretatik hurbilago ikusten ditut soldata horiek lansarietatik baino